XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizon ausarta zen, haundia eta ederra.

Fama haundiko ihiztaria zen eta ohartzen ari nintzen dohain haundia zuela gauzen kondatzeko ere.

Mendiko magia sortarazten zuen. Behin, zer urtetan ere erran zuen, bere aitarenganik zeukan ixtorio hori, bere aitaren ttantta, hamalau urteko nexka, etxetik desagertu zen.

Gauaz, bordan ardiak marrakaz ari baitziren ikustera joan zen eta sekulan ez itzuli.

Biharamunean, ardiak borda zokoan metaturik ikusi zituztelarik otso edo hartzari pentsatu zuten eta ihiztorrak errestoan eman.

Hurubiaka hasi ziren baina dardara batek harturik ez zuten burua finkatu nahi, herrestan eremanik ere.

Tegian biribilkatu ziren. Elurra aski hurbil zen. Hara joan ziren, aitatxi, anaia gaztearekin eta elurrean sekulan ez ikusi herexak atzeman.

Zango bat erronda zen bertz batek markatua bezala eta bestea animaleko giza-zangoa gurea baino bi aldiz haundiagoa, eta bilotsua, elurrean saihetsetan uzten baizituen basurde zurdeek egiten dituzten markak.

Nehork ez zuen irri egiten ostatuan.

Egiaren xehetasun guziak hor ziren, biloak elurrean eta kabalek duten naturaz kanpokoaren beldurra.

Hartza usaintzean potzetara botatzen dute beren burua ardiek, hamar urte badu ere piztiak ez direla toki horietan ibili.

Ixtorio hartan sinesten zuten.